Afrikako Frontea Lehen Mundu Gerran
Afrikako Frontea Lehen Mundu Gerran | |||
---|---|---|---|
Garuako alemaniar lubakiak, Kamerun | |||
Data | 1914ko abuztuaren 3tik 1918ko azaroaren 23ra | ||
Lekua | Afrika | ||
Koordenatuak | 12°N 26°E / 12°N 26°E | ||
Emaitza | Aliatuen garaipena | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
Lehen Mundu Gerrako Afrikako frontea hainbat eskualde geografikoki desberdinetan osatu zen. Fronte honek Alemaniak Afrikan zituen koloniak erasotzea zuen helburu, hala nola, Kamerun, Togolandia, Hego-mendebaldeko Afrika Alemana eta Ekialdeko Afrika Alemana.
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Britaniar Inperioak munduko itsaso eta ozeano ia guztiak kontrolatzen zituen, ondorioz, ez zitzaion zaila egin Lehen Mundu Gerra lehertzean Alemaniaren koloniak bereganatzea. Alemaniak bere mende zituen lurralde gehienek ez zituzten baliabide nahikorik beraien lurrak modu egokian defendatzeko, hortaz gain, kolonia guzti hauek, ia osotasunean, bere etsaien mende zeuden lurrek inguratzen zituzten. Lurralde hauek Frantzia, Belgika, Britaniar Inperioak eta Portugalen (azken hau beranduago sartu zen gerrara) esku zeuden.
Mendebaldeko Afrika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Togolandiako kolonia txikia (gaur egungo Togo eta Ghanaren zati bat), indar militarrak eduki beharrean polizia baino ez zuena, Britaniar urrearen kostatik (Gaur egungo Ghanatik) zetozen indar armatuek, Dahomeyko frantziar armada txiki batekin batera, berehalakoan konkistatua izan zen (1914ko abuztuaren 26an).
Kamerungo alemaniar tropak (gaur egungo Kamerun eta Nigeriako ipar-ekialdeko zati bat), gutxi gorabehera, 1000 soldadu alemanez eta 3000 afrikarrez osaturik, Nigeriatik zetozen britainiar tropa inbaditzaileen aurka sendo borrokatu zuten, ahaztu gabe, Txadetik zetozen frantziarrek eta Kongotik zetozen tropa belgiar-frantziarrek ere eraso egin zietela. Inbaditzaileek irailean Limbe kostaldeko herria konkistatu zuten, ondoren, britaniar eta frantziar gurutzaontzien laguntzaz, 1914ko irailean, Douala, kolonia-hiriburua menderatzea lortu zuten. Hiriburua konkistatu ondoren, alemaniarren erresistentziak Jaunde (gaur egungo hiriburua) hiria izan zuen ardatz. Hiri hau ere Belgiar eta frantziarrek menderatu zuten, baina bertako gobernadore eta hainbat soldaduek Ginea Espainiar neutralera atzera egin zuten. Kamerungo gudua 1916ko otsailean bukatu zen, alemaniar azken indarrek (Schutztruppe) amore eman zutenean.
Hego-mendebaldeko Afrika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hego-mendebaldeko Afrika Alemana (Gaur egungo Namibia) kostaldean Namib basamortuak osatzen zuen lurralde idor bat zen, beraz, alemaniar biztanleria garrantzia zuen leku bakar batean baturik zegoen: Windhoek hiriburuaren inguruan (erdialdean). Arlo militarrari zegokionez, Alemaniak 3000 soldadu izateaz gain, beste 7000 gizon kolono ingururen laguntza ere bazuen. Hortaz gain, alemaniarrek Hegoafrikar Batasunean bizi ziren afrikanerren babesa ere bazuten, hauek mendeku gosea zuten, 12 urte lehenago britaniarren aurka gerra odoltsu bat izan baitzuten.
Louis Botha hegoafrikar lehen ministroak Londresi jakinarazi zion Hegoafrikar Batsunak bazuela nahikoa indar bere lurrak defendatzeko eta Frantziara abiatu zitezkeela esan zien. Aipatzekoa da, bi gobernuek hegoafrikarrek Hego-mendebaldeko Afrika Alemana menderatzea adostu zutela. Jan Smuts eta Louis Botha buruzagi afrikanerrak britaniarren alde eta Christiaan Beyers eta Christiaan De Weten aurka jarri zirenean, 1914an tropak mobilizatu bezain laster, 12000 afrikaner sumindu inguru matxinatu egin ziren (Maritzko matxinada). Matxinatu hauen aurka urrian egin ziren bi guduetan garaituak izan ziren, horrenbestez, 1914 urtearen amaieran matxinada bukatutzat eman zen.
1914ko irailaren 25ean alemaniar kolonia inbaditzeko egin zen lehen saiakerak huts egin zuen Sandfonteinen, Lurmuturreko koloniaren mugatik hurbil. Saiakera honetan, alemaniar indar armatuek erasotzaile aliatuak garaitu zituzten.
1915eko martxoan, Maritzko matxinada deuseztuta, Smuts generalak bere mugimendu militarrekin jarraitu zuen Hego-mendebaldeko Afrikan. Armada hegoafrikarra, gutxi gorabehera, 67 000 soldadu beteranoz osatuta, ohituta zegoen zonaldeko kliman borrokatzera eta bizitzera. Botha berak zuzendutako armadak ehunka kilometro mortu zeharkatu zituen zaldiz, lau zutabeetan. Alemaniarrak armada hau gelditzen saiatu ziren, baina lehenengo Walvis Bay eta Swakopmund hiriak galdu zituzten, eta beranduago, Windhoek hiria galdu zuten 1915eko maiatzaren 12an. Hurrengo 75 urteetan zehar, Hegoafrikak Hego-mendebaldeko Afrikar lurrak bere mendean mantendu zituen.
Ekialdeko Afrika Alemana
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekialdeko Afrika Alemanean (gaur egungo, Tanzania, Burundi eta Ruanda) ingelesek ezin izan zituzten azpiratu bertako defendatzaile alemanak, nahiz eta defentsa horietan hainbat milaka zauritu eta hildako eragin.
Gerraren hasieran, Heinrich Schnee gobernatzaile alemana eta Sir Henry Conway Belfield Ekialdeko Afrikako gobernatzaile ingelesa 1885eko ''Kongoko aktaren'' alde agertu ziren. Aipatutako akta horretan, Europan gerra izanez gero, Afrikako lurrak neutral mantenduko zirela zegoen idatzita. 1914ko abuztuaren 5ean ordea, Ugandako indar militar ingelesek, Victoria lakuko indar alemanei eraso zieten eta gainera, abuztuaren 8an, Dar es Salaam bonbardatu zuen itsas-eraso ingeles bat jarri zen martxan. Erantzun gisa, Ekialdeko Afrikako indar militar alemanen buruzagi, Paul von Lettow-Vorbeck teniente-koronela bere tropak antolatzen hasi zen. Garrantzitsua da jakitea, Ekialdeko Afrikako Schutztruppeak 260 alemanez eta 2472 askariz osatuta zeudela, ingelesen Ekialdeko Afrikako King's African Rifles izeneko bi batailoien antzera. Abuztuaren erdialdean, 'askari' alemanek hainbat 'raid' hasi zituzten Kenia eta Ugandan zehar.
Azaroaren 2an 8.000 indo-ingeles inguruk Tangan lurrartu zuten bitartean, beste 4.000 inguruk Kilimanjaroko eskualdea erasotu zuten, bertan kokatzen zen Usambrako trenbidea menderatzeko (azaroaren 3an), amaieran bi tropek elkartzea zuten helburu. Kopuruaren aldetik ingelesek abantaila izan arren, 8:1 Tangan eta 4:1 Longidon, Lettow-Vorbecken Schutztruppe alemanak nagusitu ziren.
1915ean, itsasontzi ingelesek (lurretik garraiatuak) eta belgiarrek Tanganyka eta Victoria aintziretako itsas-kontrola eskuratzea lortu zuten. Alemanek gerra hastean gerraontzi garrantzitsu bat zuten eskura Indiako ozeanoan, honek Pegasus gurutzaontzi ingelesa hondoratzea lortu zuen Zanzibarren. Rufiji ibaiaren deltara ihesi zihoanean ordea, beste gerraontzi ingeles batzuek, mendeku bila, hondoratu egin zuten uztailaren 11ean. Galerak ez ziren espero ziren bezain handiak izan ordea, tripulazioa eta gerraontziaren 10.5 zentimetroko kanoiak salbatu egin baitzituzten Schutztruppeek.
1916an britainiarrek Jan Smuts gaitasun handiak zituen komandante afrikanerrari alemanak garaitzearen arduera eman zioten, horretarako armada handi baten laguntza jaso zuen. Armada hau, gutxi gorabehera, 13 000 hegoafrikar eta rhodesiar eta 7 000 indiar zein afrikarrek osatzen zuten, afrikanerrak barne. Bestalde, Lettow-Vorbeckek, gutxi gorabehera, 1 800 alemanek eta 12 000 askariek osatzen zuten armada bat eduki zuen bere alde. Britainiarren erasorik bortitzena Britainiar Ekialdeko Afrikako iparraldetik igaro zen, beste eraso txikiago bat Malawi lakuko hegoaldetik abiatu zen bitartean. Bestetik, belgiar tropak Kongo Belgikarraren mendebaldetik aurrera egin zuten. 1916ko iraila inguruan, britainiarrek alemanen trenbide garrantzitsu bat (Indiar ozeanoko Dar es Salaametik Tanganyika aintzirako Ujijira zihoana) menderatzen zuten, horretaz gain, trenbide horretatik iparralderako gunea kontrolpean zuten. Bitartean, Charles Tombeurren agindupean 1916ko apirilaren 18an kanpaina hasi zuen ‘Force Publique’-ek (tropa belgiar-kongotarrak), borroka bortitzen ondoren, kolonia alemanaren mendebaldeko hainbat zonalde konkistatu zituen, hala nola, Ruanda, Burundi eta Taborako hiria. Hala eta guztiz ere, Lettow-Vorbeckek ez zuen bere burua garaitutzat hartu, hortaz, indarrean jarraitu zuen Jan Smutsek bere tropa hegoafrikar eta indiarrak King's African Rifleseko askariengatik ordezkatzen hasi zenean eta baita ere, 1917ko urtarrilean Londresera joan zenean, bertan ospatu baitzen britainiarren "Gerrako Kabinete Inperiala".
1917ko uztailean Jacob van Deventer hegoafrikarrak alemanak erasotu zituen, Mahiwako guduan (urrian) alemaniarrek irabazi zuten ordea. Hauek, azaroaren 23an Mozanbiken (garai hartako Ekialdeko Afrika Portugaldarra) sartu ziren, bertako protugaldar soldadu-taldeei horgaiak lapurtzeko. Ondoren, berriz ere Ekialdeko Afrika Alemanera sartu ziren, azkenik, Ipar Rhodesiara igarotakoan gerrari amaiera eman zioten.
1918ko azaroaren 14ean, Lettow-Vorbecken armada txikiak su-eten bat sinatu zuen Chambeshi ibaian, alemaniarrek azaroaren 11ean borroka egiteari utzi ziotela jartzen zuen telegrama bat igorri baitzioten. Amore emate formala Mbalan egin zen, azaroaren 23an. Armada txiki ez zen inoiz guduan garaitua izan, horregatik, Lettow-Vorbeck Alemanian heroi nazional gisa hartu zuten.
Iparraldeko Afrika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Otomandar Inperioak hainbat saiakera egin zituen musulmanak frantziar, italiar eta ingelesen kontra jartzeko, batik bat, ''gerra santuaren'' aitzakia erabili zuen. Hau gerta ez zedin, ingelesek Abbas Il Hilmi Egiptoko buruzagia kendu eta Hussein Kamil, haren osaba, ezarri zuten bere ordez. Hortaz gain, Otomandar Inperioaren burujabetzarekin amaitu zuten, eta Suezko kanala defenditu zuten 1915ean Sinaitik zetorren eraso alemaniar-otomandarretik. Hala eta guztiz ere, otomandarrek matxinada bat eragin zuten Darfurren, Sudan egiptoarrean.
Bestalde, 1915ean matxinatu ziren libiar senussiek, lurralde horretako kostatik kanporatu zituzten italiarrak.
Otomandarrak Marokon altxamenduak eragiten saiatu ziren arren, Frantziak erraz menderatu zuen egoera eta horretaz gain, marokoar gizon asko gerrara (frantziarren alde, noski) bidaltzea lortu zuen.
Gerraren ondorengo egoera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen Mundu Gerrak Alemaniar Inperio laburrarekin amaitu zuen. Bere mende egon ziren kolonia afrikarrak, Erresuma Batua, Frantzia, Belgika, Portugal eta Hegoafrikar Batasunaren artean banatu ziren.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1914ko Togolandiari buruzko informazio gehiago. (Ingelesez)